XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lekua begiratu bezain laster, ohartu nintzen Teoklerekin landan hizketan egon nintzen bigarren eguneko leku ber bera zela.

Begirada bat bota nuen nire ingurura, ea nire laguna aurkituko ote nuen, eta Teokle! deituz iratzarri nintzen.

Baina hain sakona izan zen nire ametsaren zirrara, hain perfektua nigan nire lagunaz sortu zen ideia, bere hitzez eta izaeraz, ezen oraindik irudika bainezake nire burua iradokizun filosofiko baten eragipean bailitzan; erromatar jakintsu hura bere Egeriak iradokitzen zuen bezala.

Izan ere, zuzena zen nik espero nezan halako laguntza Teokleren eskutik, berak asko maite zituen eta musak, eta hauek, nik uste, oso maite zuten bera.

Dena dela, jatorrizko nekazal eszenara itzuliko naiz, jeinu heroiko horrengana; bera izan nuen gai sakon honi buruzko nire lehen pentsamenduen lagun eta gidaria.

Lehen goizean aurkitu nuen bere mantuar musa maitearekin zelaietan zebilela; bere ohiturari jarraituz hara joana baitzen irakurtzera, bere etxean jakinarazi zidatenez.

Ikusi ninduen momentuan bere liburua gorde zuen eta arin eta adiskidekor etorri zen nirekin elkartzera.

Elkar besarkatu ondoren jakin nahi izan nuen zer ari zen irakurtzen eta galdegin nion ea zerbait sekretua ote zen, niretzako debekatua izango zena.

Bere poeta erakutsi eta begirada atseginarekin esan zuen:

Filokle, ez al zenuen espero liburu hau baino zerbait misteriotsuagoa?

Nik onartu egin nuen, bere izaera kontutan hartuz, oso tankera kontenplarikoa iruditzen baitzitzaidan

Eta uste al duzu - esan zuen - benetan goza daitekeela jainkozko poeta hauetaz kontenplaria izan gabe?

Egia esan - gaineratu nuen - ez dut inola pentsatu bat kontenplari bihurtu behar denik edo mundutik aldendu behar denik Virgilio edo Horatio irakurtzeko